Noiz sortua: 2017-05-31 00:30:00

Pneumonia zantzuekin, ospitalera eraman dute Ibon Iparragirre presoa

Gaitz larri eta sendaezina du, eta Madrilgo erietxe batean ingresatu dute. Medikuen esanetan, haren egoera ez da kartzelarekin bateragarria
Iparra Galdu Baik plataformaren agerraldi bat, iaz, Donostian.
Iparra Galdu Baik plataformaren agerraldi bat, iaz, Donostian. JON URBE / ARP

Hodei Iruretagoiena -

2017ko maiatzak 31
Alcala Meco espetxetik (Madril) ospitalera eraman behar izan dute Ibon Iparragirre euskal presoa. Senideek Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ri azaldu diotenez, hiru egun zeramatzan eztul gogorrarekin; plakak ateratzeko eskatu zuen presoak, eta, pneumonia zantzuak aurkitu ondoren, «urgentziaz» eraman behar izan zuten Principe de Asturias erietxera. BERRIAk jakin duenez, Gregorio Marañon ospitalera aldatu zuten gero, han ingresatzeko. Gaitz larri eta sendaezina du Iparragirrek: hiesa, 3C estadioan; hau da, gaitz horren estadio aurreratuan. Lesio neurologikoak eragin dizkio horrek: memorian, ikusmenean...

Duela bi aste egindako odol analisien emaitzen zain dago presoa. Iazko abenduan egin zizkioten azken azterketak, eta emaitzekin kezkatuta agertu ziren familiakoak; ez dute uste oraingoak hobeak izango direnik.

Izan ere, duela bi aste osasun publikoko mediku talde batek azaldu zuenez, hiesa ez da espetxearekin bateragarria. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean aurkeztu zuten Iparragirreren egoerari buruzko txostena, eta ohartarazpen argia egin zieten arduradunei: presoaren bizia «arriskuan» dago. Sendagileen esanetan, «inguru afektibo eta familiartekoa» funtsezkoa da hiesdun gaixoentzat.

Iparragirre, ordea, preso eta urrunduta daukate 2014ko martxotik. Espainiako Auzitegi Gorenak haren aurkako zigorra berretsi zuen garai hartan, eta Ertzaintzak atxilotu zuen berriz espetxeratzeko. Gaitza dela-eta, espetxeratze arinduan —etxean preso— egon zen 2011ko urrian espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarri ziotenetik 2014ra arte. Berriz preso sartu zutenetik, ordea, okerrera egin du haren osasun egoerak, eta presoak sarritan salatu du bakartuta eduki dutela, eta funtzionarioek eta beste preso batzuek eraso egin izan diotela. 2014an berriz ere espetxeratze arindua ezartzeko eskatu bazuen ere, atzera bota dizkiote orain arte jarritako eskaera eta helegite guztiak.

Martxoan ekarri zuten azkenengoz Ondarroara Ibon Iparragirre, Eusebio aita ikustera —oso larri zegoen aita, eta semearen ondoan hil zen—. Jaioterrira ekarri baino lehen, Zaballako (Araba) kartzelan izan zuten egun batzuetan, baina atzera Madrilera urrundu zuten aita ikusi ostean. Apirilean, OMCT Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak ere ohartarazi zien Iparragirreren osasun egoeraz, besteak beste, Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidori eta Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrori. Ez zuten haien erantzunik jaso.

Mosaikoa Gogorzaren alde

Jaiki Hadi elkartearen azken datuen arabera, hamabi lagun daude gaitz larriak dituzten euskal presoen zerrendan —beste hamar ere badira, anonimotasuna gorde nahi dutenak—. Horietako bat da Aitzol Gogorza; gaitz psikologiko larria du, eta Basauriko (Bizkaia) kartzelan dute preso. Errenteriako Sarek jakinarazi duenez, mosaiko «erraldoi» bat antolatzen ari dira Gogorzaren egoera salatu eta espetxealdi arindua ezar diezaiotela eskatzeko, «espetxetik kanpo, bere inguru afektiboan, tratamendu egokia jaso dezan». Uztailaren 1ean egingo dute mobilizazio hori, 18:00etan, Errenteriako (Gipuzkoa) Zumardian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna