Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Espetxeen transferentzia «laster iristea» espero du Beltran de Herediak

Publizitatea

Politika

Espetxeen transferentzia «laster iristea» espero du Beltran de Herediak

Transferentziak «lan karga handituko dio» Segurtasun Sailari. Hori lortu aurretik beste pauso batzuk eman behar direla dio Juan Ignacio Zoidok
Beltran de Heredia, legebiltzarreko bere eserlekuan.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-08-10 / Iosu Alberdi

Espetxe sistemaren eskualdatzea «laster iristeko» esperantza du Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Transferentzia hori gauzatzeak Segurtasun Sailarentzat «lan karga handiagoa» ekarriko du sailburuaren ustez, baina Jaurlaritzak bere gain hartu nahi dituen eskumenen artean dago espetxeena.

Jaurlaritzaren agendan dago Gernikako Estatutuak ezartzen dituen eskumen guztien transferentzia erreibindikatzea eta horiek lortzeko lanean dihardu, Beltran de Herediak Radio Euskadin esan duenez. Izan ere, abuztu amaieran edo irail hasieran hitz egitekoak dira Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua eskumen transferentziaren inguruan. Hala adostu zuten Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak duela aste batzuk izaniko elkarrizketan.

Segurtasun sailburuak adierazi du espetxe eskumena ez dela bere departamentuaren esku egongo, baina Ertzaintzari zuzenean eragiten diola: «Egun, Ertzaintza espetxeen kanpoaldeko segurtasunaz arduratzen da, baita presoak epaitegietara edo osasun zentroetara eramateaz».

Espainiako Gobernutik ere hitz egin dute espetxeen eskualdatzearen inguruan sor daitezkeen negoziazioen inguruan. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak transferentzia horren inguruan hitz egin aurretik beste pauso batzuk eman beharra dagoela adierazi zuen aurreko astean. «ETAren behin betiko disoluzioa, barkamena, armen behin betiko entrega eta damua» aipatu zituen Barne ministroak.

Horiek gertatu ondoren, Espainiako Gobernuaren aldetik pauso batzuk emateko aukera egongo litzetekeela uste du Zoidok, «ea zer egin daitekeen». Horiek presoen gerturatzea eta espetxe sistemaren transferentzia barnean hartzen dituzten galdetzean, ministroak «bai» erantzun zuen.

Halere, «gaur egun» bi erabaki horiek hartzea baztertzen du Zoidok, «ETA ez baita desagertu, ezta legezkotasuna onartu ere».

Ministroak ulergarritzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren eskumena eskatzea, «estatutuan barneratutako eskumena baita». «Kataluniak badu, normala da EAEk bidea hastea hausnartzea», azaldu zuen.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak