Miren Amuriza.
BIRA

Aspaldikoak!

2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Batzuentzat amaiera bat da irailaren lehena, kontrazal kartoizko bat udari itsatsia: akabo mugikorraren ardurarik gabe ibiltzea, desorduetan jan, desorduetan lo, desorduetan lorik egin gabe egotea. Beste batzuentzat hasiera bat, orri zuri-zuria estreinako koadernoan: ikasturte berria, egutegi berria, erronka berriak… Hasiera edo amaiera, nondik begiratzen zaion. Egunsenti bat da irailaren lehena: gauaren akabua ume txikia lokartu ezinik orduak eman dituenarentzat; aldiz, egunaren hastapena iratzargailua amatatu eta dutxara bidean ortozik doanarentzat. Ilunabar bat da irailaren lehena: egunaren amaiera arratsean pixkana-pixkana isiltzen diren txorientzat; aldiz, gauaren hasiera beren gordelekuetatik irten eta zizare bila abiatzen den azkonarrarentzat.

Gorputzaldi bat da irailaren lehena: munduak egunsentian eta ilunabarrean lez, mundutarrok usain, argi diferentea edukitzen dugun tartea; udan pilatutako energiak kurtso hasierako grinarekin, edo nagitasunarekin, bat egiten duen tarte hori. Leku bat da irailaren lehena, adi-adi zeharkatu beharrekoa, tren-geltoki handiak bezala. Aizu, nora zoaz horrenbesteko presarekin? Irailaren lehenera noa. Topalekua da geralekua bainoago: bizilagunekin, lankideekin, kuadrillakoekin, taldekideekin topez egitekoa; ezagunei «agur!» eta lagunei «kaixo, aspaldikoak!» esateko lekua da irailaren lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.