Miren Amuriza.
BIRA

Itsasoak

2017ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Juan Sebastian Elkano kataloxatik horizonteari begira. Baleontzi bat Pasaiatik Ternuara abiatua. Umez beteriko barku bat, bi, hiru Ingalaterrarantz 1937an; portuan gurasoak, zapi zuriekin agur-agurka. Hamarkada bat geroago, lehenengo bikiniak Miarritzeko hondartzan. Faroak. Ilunabarrean etxeratu batelak. Aitonak itsasoa estreinakoz ikusi zutela kontatu zizunekoa. Arraunlariak trainerua bizkarrean hartuta. Plastikozko kuboa eta palatxoa. Surfa. Krema usaina. Orri zurian eguzki horia, olatu urdinak, arrain laranjak, sirenak eta belaontzi piratak pintatu dituen ume bat. Iruditegi bat.

Beste ume bat, beste iruditegi bat: munstro erraldoiz, barku ñimiñoz eta gorpuz estaliriko itsasoa. Halakoxeak omen Siriatik, Iraketik, Afganistanetik Lesbosera iritsi berritan errefuxiatuek egiten zituzten marrazkiak. Txikienen mezuokin arduratuta, boluntario talde bat osatu zuten hainbat espainiarrek eta, harrezkero, irlako haur eta nerabeei laguntzen dihardute itsasoarekin berradiskidetu daitezen. Hain ei zeuden traumatizatuta gaztetxook, ezen boluntarioekin hondartzara joaten hasi zirenean, itsasoarekiko ez eze, kolore urdinarekiko ere ikara agertzen baitzuten. Ordea, igeriketa ikastaro horiei esker, segurtasun handia irabazten ei dute eta uretan gustura egotera ere iristen ei dira. Arrain laranjak eta sirenak, munstroak eta gorpuak dituztenak; iruditegiak, historiak, itsasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.