Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Dinosauroak

2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Jainkoa aspaldi hil bagenuen ere, fedea da gure jendarte antolaketaren zutabea: sinestea ahaleginak beti duela saria, zuzen dabilena beti iristen dela helburura. Horra etxe, eskola, lantoki, zientzia, hedabide eta molde ugaritako osagile, terapeuta eta coach-en irakaspen nagusia: arrakasta, sendatzea, nor izatea, dena delakoa, geure esku dagoela, ahaleginduz gero. Are, galtzaileei buruzko kontakizunen kutsu erromantikoak hautuaren traza ematen dio porrotari. Finean, sinesten dugu, sinetsarazten zaigu, sinetsi nahi dugu, arazoa ez dela galtzea, etsitzea baizik.

Eta jendeon autoikuspegi horrek badu alde onik, geure buruaren jabeago egin bagaitzake. Baina badu, halaber, alderdi maltzurrik: esate baterako, ukatu egiten dituela antolaketaren oinarrizko injustiziak eta botere harremanak; halaber, norbera izendatzen duenez norbere bizitzaren gidari, ezer gutxi geratzen dela indibiduoz haratago. Eta, horrez gain, jendeoi agintzen digula datorrenari buruzko erabateko kontrola; ezabatu egiten duela zortea, ona zein txarra.

Beharbada horregatik gertatu zait hain lasaigarria dinosauroen desagerpenari puntarengo paleontologoek eman dioten azken azalpena: kontrolatu, erabaki eta aldatu ezinezko gertakari multzoak galdu zituela; hots, zorte txarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.