garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Perfumea

2015eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Garai bateko zentzua galdu omen du perfumeak. Sedukziorako amu izateari utzi omen dio, aditu sudurluzeek diotenez, eta norberarentzat jartzen omen da gaur; bakoitzak bere zentzumenak astintzeko, emozio galduak berritzeko, edo kanpoko erasoen aurrean —begietatik, sudurretik nahiz belarrietatik sartzen zaizkigun pizgarriak etengabekoak izaki—, usain burbuila babesgarri bat sortu eta nia bete-betean sentitzeko, egoa indartzeko...

Perfumeek sekula irrikarik sortu ez dioten emakumeari interesgarria iruditu zaio gogoeta, eta behingoagatik, 5-A ateko bizilagunaren burutapenak ulertu uste izan ditu; batik bat, zergatik uzten duen igogailua Antilletako banilla usain zorabiagarri horrez kirastuta aldiko-aldiko. Umetan imajinatu du bizilagun sofistikatua, soineko zuria jantzita, izozki-denda italiar baten aurrean, aita banillazko kukurutxoa erosten ari zaiolako ezin zoriontsuago…

Nostalgiaz, bere inozentzia garai urrunaz akordatu da hura ere, eta auzoko okindegiko usaina etorri zaio gogora jarraian, ogi egin berriarena, barra beroarena, legamiarena, paper-fabrikaren kiratsarekin nahasian aditu ohi zuena… Bere bizitzan estreinakoz, dirutza ere ordainduko lukeela pentsatu du, bakarren batek lurrun hura, zehazki sentsazio hura, sintetizatuko balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.