BIRA
Mantzanilla bat
Gure eskolako sukaldariekin akordatu nintzen lehengoan, Hezitzaileak zutabea idazten ari nintzela: Modesta, Paka eta Edurnerekin. Kontatu nizuen zelan tripako min psikologiko haiek sartzen zitzaizkigunean, jantokira eroaten gintuzten irakasleek. Egunero egoten zen norbait ezkaratz bazterreko kontsulta partikularrean; ondo gogoan dauzkat hango makarroi usaina (helduentzat intsentsua bezain lasaigarria zena umeontzat) eta sukaldarien bata zuriak. Frigorifikoaren pareko aulkitxoan jesarrarazi eta mantzanila prestatzen ziguten, beti mantzanila. Galdetuko zidaten neuri ere, zer gertatzen zaizu? Eta nik zotinka, tripako mina daukat. Eta haiek, zergatik? Eta kontatuko nien, akaso, neure buruaren bila hasi nintzela gelako alfonbraren azpian baina ez nuela topatu, eta gainera ito egin nintzela hautsarekin. Trankiltzeko esango zidaten, pasako zela, eta hala ez bazen deituko zietela gurasoei bila etor zitezen. Baso bete mantzanila eta ordu erdi geroago, indarberrituta irteten ginen jantokitik.
Zer pentsatua eman dit aspaldion jendeak terapiak egiteko daukan joerak; etengabe norbere ardatzaren bueltan jiraka ibiltzeak on baino kalte gehiago egiten ez ote dion zenbaiti, zorabiatu. Nago mantzanila bat baino ez dutela behar askok: hurreko norbaitek beren mintxoaz galdetzea, pasako dela esatea eta emergentziazko deia (hor dagoela gogorarazi arren) hurrengorako gordetzea.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.