Miren Amuriza.
BIRA

Zaurgarritasuna

2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Margolaria eta bideogilea da Abdalla Al Omari siriar gaztea, gaur egun Bruselan bizi dena. Ekialde hurbileko, Europako zein Estatu Batuetako hainbat galeriatan izan ditu erakusgai bere proiektuak, The Vulnerability series izenekoa azkena (laburmetraia batek eta tamaina handiko oleo sorta batek osatua berori). Al Omarik mundu mailako politikariak irudikatu ditu egoera zaurgarrietan: Donald Trump bizkarrean estera bat eta besoetan ume bat hartuta, Barack Obama eskale itxuran, Bashar Al Assad blai eginda paperezko itsasontzi bati oratzen... Hauexek artistak erakusketarako eginiko aurkezpen hitzak: «Kaixo, mintza gaitezen argi: ni ahula naiz eta zu ere ez zara hain indartsua. Ospa dezagun zaurgarritasuna». Koadroetako protagonistekin intimatzeak uste baino zer pentsatu handiagoa eman ei zion, Al Assaden erretratuagatik pena sentitzeraino iritsi zela kontatzen du. «Grabitaterik ere ez dagoen unibertso honetan, zaurgarritasuna dugu helduleku bakarra».

Indarraren diskurtsoa gailentzen da, oro har, politikagintzan: ostiko bat ematen didazula? Ederto, ukabilkada bi hartuko dituzu bueltan. Al Omarirena, ordea, ahultasunaren aldeko alegatua da: «Makalen harrapatzen zaituzten une horiexek dira ahalguztidun bilakatzen zaituztenak», dio. Nire indarrak neurtu nahi dituzula? Ados, zatoz eta zauriak erakutsiko dizkizut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.