Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia 1993ko uda

Publizitatea

Iritzia

BIRA

1993ko uda

 

2017-10-13 / Miren Amuriza

1993ko udan koilaratxoak sartzen genizkien petit suisse-ei eta izozkailuan gordetzen genituen gero; gogortzen ziren bitartean, John Brown kantatzen genuen plastikozko irrati-kasette baten mikrofonoari oratuta. Izango ziren gertakari garrantzitsuak 1993ko udan, ordea, guri petit suisse-ek baino ardura ez.

Testuinguru horretantxe girotua da Carla Simon zinegile bartzelonarraren lehen filma, Estiu 1993, aspaldion ikusi dudan hunkigarrienetakoa. Frida izeneko sei urteko neskatxo baten istorioa kontatzen du, zuzendariaren beraren bizipenetan oinarritua: ihesaren ondorioz ama galdu berritan, izeko-osabekin eta lehengusina txikiarekin bizitzera joango da Gironako mendialdera eta ingurune arrotz horietara ez eze, artean ezezagun zaizkion emozioetara egokitu beharko du dolua igarotzeko. Gidoia sentsibilitate handiz eginikoa da, sinesgarria oso, ikusleari mundua protagonistaren begitxoetatik ikusarazten diolako eta prozesuan zehar, gogorra izanik ere, umeek ume izateari uzten ez diotelako. Ikusgarria da aktore printzipalek (6 eta 3 urteko neskatila bik) kamera aurrean ageri duten adierazkortasuna eta naturaltasuna; Simonek berak eta gurasoen papera jokatzen duten aktore helduek, orduak eman ei zituzten filmatzen hasi aurretik umeekin jolasean, otorduak eta ibilaldiak egiten... «Intimitatea eraikitzen» zuzendariaren hitzetan. Saltzen ote dute inon kotoizko adreilurik?

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak