Miren Amuriza.
BIRA

Ijitoak

2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Handitan ijitoa izango naiz» zioen gure lehengusinak, «karabanarekin nahinon bizi eta barraketan gura beste ibiltzeko». Ezkontza txiki bat, intimoa, egin nahi izan zuten ezagun batzuek; lunch bat lagunekin eta bazkaria etxekoekin. Handi bi egin zituzten azkenean eta «boda jitanotzat» kalifikatu genuen, gaizto. Gure osaba norbaitekin fio ez denean «kitano hutsa» dela esaten du. Baditut lagun irakasleak «gelako ijitoekin etsita» daudela diotenak, baita «beraien kolega izatea» lortu dutela harro kontatzen dutenak ere (ume payoen kolega izaten zergatik ez zarete saiatzen?). Bagoaz maskaradetara eta non azaltzen diguten buhameak ijitoak direla; «Ijitoak Barkoxen? Baina ez al ziren andaluzak?».

Besterik zioen atzo David Martin historialariak BERRIAn; atzerritar nomadatzat ditugun arren, ijitoak aspalditik daudela Euskal Herrian errotuta eta Iparraldean asimilazioa handiagoa izan zela Hegoaldean baino, besteak beste. Familia buhameak aipatzen zituen: Etxeberria, Valdes, Berrio, Etxepare... Etxepare? Bai, Etxepare! Zer ote litzateke Mosen Bernat ijitoa zela frogatuko balitz? Bada, Euskaltzaindian urgentziazko konklabea konbokatzeaz gain, bere tasunez apropiatuko ginatekeela geureak partekatu edo kuestionatu ordez. Alegia, lehenago aldarrikatuko genukeela geu ere ijitoak, eta bide batez beltzak, garela (#basquelivesmatter), ijitoak ere euskaldunak direla baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.