Miren Amuriza.
BIRA

Suak

2017ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Akorduan dudanetik, hiru materia mota bereizten irakatsi ziguten eskolan (solidoak, likidoak eta gasak) eta Portugalgo irudiei begira nengoela, sua zer izango ote den otu zitzaidan. Izeba Googleen arabera, «ez da materiaren egoera bat, erreakzio bat baizik: gorputz solidoek eta likidoek, berotzen direnean, gasak askatzen dituzte eta horiek, oxigenoarekin nahastean, su hartzen dute». Subjektu adimendun bat balitz lez mintzo dira denak suaz egunotan; suak hil dituen lagunez, suak erre dituen lurrez... Basoak baina, besteak beste, pribatizatuta daudelako kiskaltzen dira (Portugalen ia %95a); jabeek behar bezala zaintzen eta ustiatzen ez dituztelako. Sua aitzakiatzat jartzeak ez duela giza akatsak justifikatzeko balio, alegia. Maialen Lujanbioren bederatzikoarekin akordatu nintzen gero: «Hura asmakizuna/ homo habilisena/ bazun intentzioa/ bazuen sena/ bi harrik elkar jota/ txispa bat aurrena/ asmakizun handina/ mendetan barrena/ sua da problema/ zenbait basorena/ eta jaki dena/ berotzen duena/ eta bi begiradek/ sortzen dutena». Garraren definizioa zabaldu liteke, beraz: «gorputzek, berotzen direnean, desirak askatzen dituzte eta horiek, emozioekin nahastean, maitemina sortzen da». Maiteminaz mintzo da jendea lagunez ahaztean, bikotea idealizatzean, edo kontrolatzean... Baina maitemina aitzakiatzat jartzeak ere, balio ez giza akatsak justifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.