Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Suediak Assangeren kontrako auzia itxi du

Publizitatea

Mundua

Suediak Assangeren kontrako auzia itxi du

Ustezko bortxaketa batengatik zegoen auzipetua Wikileaksen sortzailea. Scotland Yardek atxilotzeko agindua mantendu du

2017-05-20 / Erredakzioa

Suediako Fiskaltzak erabaki du Julian Assange Wikileaksen sortzailearen kontrako auzibidea ixtea, ustez emakume bat bortxatu zuela eta. Ez dute itxi, ordea, errugabe dela frogatu dutelako: Assangek bost urte baino gehiago egin ditu Londresen Ekuadorrek duen enbaxadan, eta horrek zaildu du haren kontrako prozesua, Marianne Ny fiskalburuak emandako arrazoien arabera: «Ahal genuena egin genuen. Ikerketa honetan delitu sexualen kasuetako prozedura berari jarraitu diogu, gure esku zeuden bitarteko guztiak erabiliz, baina denbora izan da faktore garrantzitsua. Ezin dugu jarraitu». 2010ean hasi zuten auzibidea.

Suediako auzia itxita ere, Scotland Yardek hura atxilotzeko agindua dauka, eta Ekuadorko enbaxada utziz gero atxilotu egingo dutela esan zuen atzo. 2012ko ekainaren 29an, deklaratzera deitu zuten Wesrminsterreko auzitegira, beste auzi batengatik, baina ez zen azaldu. Harrezkero dago hura atxilotzeko agindua.

Orain, haren abokatuak beldur dira AEBek eskatua dutelako hura estraditatzeko eskaera, dokumentu sekretuak bereganatzeagatik, baina inork ez du baieztatu hori hala dela. Bien bitartean, Ekuadorrek berretsi du indarrean dagoela herrialdeak Assangeri emandako asiloa, eta Erresuma Batuari eskatu dio baimena eman diezaiola Quitora bidaiatzeko.

Suediatik iritsitako albistea jakin baino lehenago, Assangek mezu bat bidali zuen atzo Twitterrez, hau esanez: «Zazpi urtez atxilotua kargurik gabe, nire umeak haziz zihoazela, eta nire izena zikintzen. Ez dut ahaztuko, ez dut barkatuko».

Assangek 2012an hartu zuen babes Londresen Ekuadorrek duen enbaxadan, haren arabera, Suediako fiskaltzaren aurrean egin beharreko deklarazioa «tranpa» bat izan zitekeelako AEBetara estraditatzeko. Uste du espioitzagatik bere kontrako auzibidea dagoela han. Jeff Sessions AEBetako fiskal nagusiak apirilean esan zuen «lehentasunezkoa» dela hura atxilotzea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak