Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Maitasuna

2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Eguberrietako kale apaingarriak jarri zituztenetik Manu artega sentitzen da, deseroso: gaizki lo egiten du, ez dauka goserik, ez lanerako indarrik, ez kirolik egiteko kemenik, ez larrutarako grinarik, ez lankide, bezero, adiskideak bere irribarre paregabe eta limurtzaileaz liluratzeko gogorik.

Manuk badaki zerbait ez doala ongi, baina ez daki ez zer, ez zergatik: oporretarako garaia baitira beretzat eguberriak, beste esanahirik gabekoak. Gainera, arrakastatsua da lanean, arrakastatsua emakumetan, sentsazio berriz betetzen duten kirol eta jarduera kitzikagarriz gainezka du astialdia, eta miretsi egiten dute senide, lagun eta lankideek.

Gosaltzeko jogurt bat jan du, gogoz kontra, eta tiraka bezala atera du bere burua etxetik. Orduan, bebarruko atea gurutzatu bezain laster ikusi du: txori bat, kanario hori-hori bat, tripaz gora, hilotz espaloian. Eskuetan hartu eta bihotzaren kontra estutu du. Eta gogoratu da 7 bat urte zitueneko eguberri hartaz, kanarioa jaso zuenekoa opari. Nola egoten zen txoriari begira, nola liluratu zuen, nola maite zuen. Eta nola haren hurbiltasuna sentitu nahian kaiolako atea ireki zion, eta nola bere esku ahurrean otzan geratu ordez alde egiten saiatu zen. Nola harrapatu zuen sofaren atzean, eta nola estutu zuen bihotzaren kontra. Eskuen artean hilotz geratu zitzaion arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.