Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Larrugorri

2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hainbeste ez dela etxe gehienetan izaten zen hondartzarako derrigorrezko tresna bat: oihal zaharrekin jositako gona erraldoi moduko bat, itsasertzean laketu eta gero, lepotik behera sartu, eta harekin estalita bainujantzia erantzi eta kaleko arropak janzteko; zehatzago, inork larrugorritan ikustea eragozteko. Estalki hura zela medio, Mr Bean-en pareko makina bat eszenaren lekuko izan ginen: zenbat kontortsio burkatzar nahastailearen barruan jantzi ezinik! Funtsean, gorputzarekin eta sexualitatearekin zerikusia zuen guztia tabua zen, eta, horrenbestez, askoz ere onargarriagoa zen —are, desiragarriagoa— erridikulua egitea inork gorririk ikustea baino.

Egun, ordukoa iruditzen zaigu erridikulua. Ez dago zirku garaikideei begiratzea besterik: emakume gorputz biluzien erakusleku dira modako pasarelak, kultur show-etako alfonbra gorriak; galtzontzillo estutan ageri zaizkigu futbolariak; pantaila guztietan daukagu pornoa, eta jendea larrugorri dabil telebistan gehien ikusitako saioetan. Diogu askatu garela, eraitsi ditugula tabuak.

Eta hara non dioskun Esther Ferrer artista miretsiak arterako langai ez ezik, batik bat, aldarrikapenerako tresna duela bere 77 urteko gorputz biluzia: eskubidea duelako emakumea izan eta kanonak ez betetzeko; eskubidea duelako zaharra izan eta bere gorputzaz ez lotsatzeko. Eraitsi ei ditugu tabuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.