Miren Amuriza.
BIRA

Zebra

2017ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Pipi Kaltzaluzeren eraginpean hazi ginenok izaten genuen lantzean ideia originalen bat, kolore desberdinetako galtzerdiak janztea kasu, baina baita lantzean frustrazio bat ere, zaldi zuri batekin bizitzea zail samar genuela konturatzean, adibidez. Nik, zaldia baino, zebra bilaka nezakeen animalia bat gura nuen; Pipik orezta beltzak nola, marra luzeak pintatuko nizkion eta harexen gainean jarrita ibiliko nintzen batetik bestera. Orduan ez nekiena zen zebrak beltzak direla izatez, arraiak dituztela zuriak. Ez nekien, bere lehengusina zaldi eta astoak ez bezala, domestikatu ezin izan zutenik, artean zebra baten gainean ibiltzerik inork lortu ez zuenik; ibiltariak barik, iheslariak zirela haiek. Ikaratzen direnean zoratu beharrean jartzen ei dira: haginka egiten dute (Estatu Batuetako zoologikoetan zaintzaile gehiago zauritu omen dituzte tigreek baino) eta noranahi eskapatzen saiatu. Hori guzti hori jakin izan ez banu, igual asto zuri bat erosiko nuen: arraia beltzak marraztuko nizkion, Zebra jarriko nion izena eta paseatzera aterako nuen, sokatxotik lotuta. Baina lehenengo euri zaparradarekin ezabatuko zitzaion pintura eta orduan esplikazio asko eman beharko nituen nirea marrarik bako zebra bat zela sinets ziezadaten. Ez iezadazu esan errazagoa zatekeenik astoa asto maitatzea, ala zeu ez zara egundo ahalegindu inor domestikatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.