Miren Amuriza.
BIRA

Zain

2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Urte eta erdi inguru da hego Euskal Herriko erakundeek errefuxiatuen etorrera iragarri zutela. Europako Batzordeak ezarritako kopuruekin, 17.680 lagun hartzea zegokion Espainiari; horietatik 200 Nafarroara bideratzekoak ziren eta 1.000 EAEra. Izan zen gurean mesfidati erantzun zuenik, baina baita eskuzabal agertu zenik ere, hamaika balkoitan eskegita daude harrezkero Ongi etorri errefuxiatuak dioten bandera horiak. Ordea, urtarrileko datuen arabera, hitzartutako milaka haietatik, %6a baino ez da ailegatu espainiar estatura.

Bien bitartean Trumpek agindutako hormaren azpian goroldiorik atera ote den ikusi gurean gu, hain justu, Europako hainbat herriren mugetan ere (Austria, Bulgaria, Kroazia, Estonia, Hungaria, Ukraina, Turkia...) hesiak hedatzen ari diren artean. Azken bizpahiru urteotan nabarmen ugaritu dira «segurtasunaren izenean» EBk fronteretan eginiko operazio militarrak eta halaxe indartu errefuxiatuen krisian garaile atera diren bakarrak: segurtasun konpainiak eta arma enpresak.

Eta jende eskuzabala aterako da balkoira zigarro bat erretzera, arropak eskegitzera, loreak ureztatzera... eta behinola jarritako bandera horia ikustean, pentsatuko du zergatik ez datozen. Sentituko du hutsune agoniko hori, afaritarako norbait espero eta agertzen ez zaizunean bezala. Eta, halere, haren platera mahaitik erretiratu gura ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.