Miren Amuriza.
BIRA

Morboa

2017ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Irrati bidez jakin nuen Londresko erasoaren berri: zubi bat, auto bat, zauritu batzuk, hesi bat, autoa zanpatuta, labana bat, tiroak, gorpuak... Eta sekuentzia bisualizatu nuen, nire iruditegitik elementu horiek hartu eta puzzlea osatu. Gure aititak, adibidez, egundo ez zuen kotxe presidentzialik ikusi eta ez zekien Dallaseko etorbideak zelakoak ziren. Ikusiko nuke, bai, Kennedy hil zutela entzun zuenean hark eraiki zuen puzzle mentala.

Kontuak kontu, ez nuen Londresko irudirik ikusi atzora arte. Mugikor batekin hartutako imajinak telebista kate bateko albistegian: Westminster, tiro hotsak, jende oldea korrika eta grabatzen ari zena geldi-geldi. Espaloia agertu zen une batez eta han, letra larriz idatzita, «look left» (begiratu ezkerrera). Kasualitatez, akaso, baina noranzko horretan grabatu zuen testiguak 360 graduko panoramika. Eta pentsatu nuen (neu ordurako estolda-zuloren batean gordeta egongo nintzelako, ziurrenik), unerik kaotikoenetan ere, errepidea gurutzatu aurretik ezker-eskuma begiratzeko gai izango litzatekeenak, oso ausarta behar duela izan. Edo oso inkontzientea. Edo oso morbosoa. Gera nintekeen neu ere irratian entzunikoan irudikatutako sekuentziarekin, informatuta egoteko nahikoa zatekeen. Baina ez, adi jarraitu nuen albistegia zaurituen odola gorria zela konprobatu arte eta ez urdina, olagarroena bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.