Miren Amuriza.
BIRA

Luxua

2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Aireportu handietan ibiltzea gustatzen zait (aisialdiarekin erlazionatzen dudalako ziurrenik), uretan murgiltzearen antzeko sentsazio hori, kanpoko zaratotsa geroago eta urrunago entzutearena: espazio-denbora koordenatuak diluitu egiten dira, jendea diferente mugitzen da, diferente pausatzen da. Gustatzen zait mundutarrak ikustea, edo etxekoak mundutarrenak egiten; bakoitza nondikoak eta norakoak imajinatzea, zein hizkuntzatan diharduten igartzea, janzkerei erreparatzea, albokoaren pasaporteari disimuluan begiratzea... Gustatzen zait souvenir dendetan kuxkuxeatzea herrialde bakoitzak bere burua zelan aurkezten, saltzen, duen jakiteko; eramateko kafea eskatu (mundutarragorik ba al dago?) eta jende artean sartzea sardina banku batean igeri banenbil lez.

Bada, hain justu horixe saihesteko, luxuzko terminal bat ireki dute oraintsu Los Angeleseko aireportu internazionalean. Luxua zer den... Bezeroei, erosotasun eta gutizia garestienak eskaintzeaz gain, iPad bana ematen diete, «Begira zer galtzen ari zaren» izenburupean, terminal nagusian une horietan gertatzen ari dena ikus dezaten. Gainontzeko bidaiarien esturekin goza dezaten, alegia: jendea presaka, ilara luzeetan zain, maleta handiak arrastatzen... Zer den luxua? Inoren miseriei begira egon ahal izatea; izan txanpan kopa bat eskuan hartuta, zein motxila handia lepoan jantzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.