Miren Amuriza.
BIRA

Kontraeraso

2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Elhuyarren arabera "aurkakoaren edo etsaiaren erasoari erantzunez eginiko erasoa". Aldarrika ezan. Eta deskuiduan biolentziaren apologia egiten ari haizela leporatzen badinate, esan ez dela indarkeria, autodefentsa baizik. Azaldu, borrokarako prestatzen baino, gurago hukeela kunbia dantzatzen, zura lantzen, eskalatzen edo poesia irakurtzen ematea hire denbora, baina gaur gaurkoz arriskuan egoten jarraitzen dunala (gogora Zarauzko, Eibarko, Iruñeko... erasoak) eta praktikoa izan behar haizela.

Jakin ezan 1) erasotzailea kale-kantoiko itzala zein ligatzera hurreratu den ezaguna izan daitekeela, 2) kontraerasorako prest egon arren, ez dunala zertan gauean, parrandan, kalean beldurrez ibili, eta 3) erasoko bahindute ere, gai izango hintzatekeela heure burua defendatzeko. Jo zuzenean erasotzailearen begietara, sartu atzamarrak edo kolpatu esku ahurrekin. Eta saiatu ihes egiten. Eman genitaletan oinekin, belaunekin, ukabilarekin; bihurritu iezazkion barrabilak. Eta egin oihu, eskatu laguntza. Kolpatu esku-hegalarekin erasotzailearen eztarria; luzatu atzamarrak eta egin bultza gorgoilean arnasa eten dakion. Egin atximurka, haginka, harramazka. Eta alde korrika. Eta salatu.

Segi manifak eta kirola, brigada moreak, kafe-tertuliak, pankartak eta poesia, autodefentsa tailerrak eta gaupasak egiten; heure gorputzean eroso, gustura, seguruago sentiaraziko hauten gauzak egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.