Miren Amuriza.
BIRA

Leizeak

2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Lurra, gorputza eta memoria. Lurra. Demagun giza gorputz bat dela lurra, bere baitara kiribildua. Gorputza. Gorputzean gordetzen dugu, inkontzienteki, gure emozio eta bizipenei buruzko informazioa. Memoria, memoria korporala deritzo horri. Demagun giza gorputz bat dela lurra eta leizeak direla bere erraiak; hobi sakon eta ospelak; ura eta odola tantaka isurtzen diren barrunbeak.

Gaztelun, Juana Josefa Goñi eta haren sei seme-alaben gorpuzkiak hobiratu berri dituzte; 1936ko udan desagertu ziren eta iaz atera zituzten Legarreako leizetik. Urbasan, omenaldia egin diete faxistek garai bertsuan Otsoportilloko kobazulora jaurtitako lau gizonei, haien arrastoak ere iaz berreskuratu zituzten Aranzadikoek. Omenaldiaren bezperan pintaketak agertu ziren leizearen atariko eskulturan («Oraindik bada gehiagorentzako lekua»); tiro hotsak behin betiko isiltzean amaitzen ei da gerra, ordea, gerra osteak noiz arte irauten ote du? Bien bitartean, Aranzadi elkartekoak, arkeologo eta historialarienak ez eze, sendagile lanak egiten ari dira gerra denboran desagertutakoen arrastoak aurkitu eta senideei itzuli ahala. Ziklo bat ixten baita, zauri bat josten lurrean, biktima horietako bakoitza behar bezala ehorzten duten aldiro. Zikatriz bat gorputzean, bere baitara kiribildutako lurraren azalean eta azalaren memorian. Lurra, gorputza eta memoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.