Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Itsasgarri madarikatua

Publizitatea

Kirola

Itsasgarri madarikatua

Ivana Spanovic luzera jauzilaria dominarik gabe gelditu da, airean zela atzeko dortsala askatu, eta hark arean eginiko arrastoa neurtu dutelako
Ivana Spanovic pentsakor, luzera jauziko finalaren ondoren.
Ivana Spanovic pentsakor, luzera jauziko finalaren ondoren. FRANCK ROBICHON / EFE

2017-08-12 / Imanol Magro Eizmendi

Britnney Reese luzera jauziak historia egin zuen atzo Londresen. Laugarren aldiz irabazi zuen munduko titulua 7,02 metroko jauzi bati esker, eta proba bera lau aldiz irabazi duen bigarren emakumea da Valerie Adams pisu jaurtitzailearekin batera. Atzoko luzera jauzi finala, baina, Ivana Spanovicen azken jauziarengatik gogoratua izango da, eta haren bizkarreko dortsalak dominetatik kanpo utzi zuelako.

Serbiarra laugarren izan zen (6,96 m.) eta brontzetik zentimetro batera gelditu zen. Epaileek, baina, modu bitxian neurtu zuten haren azken jauzia. Zazpi metro inguruko jauzia egin zuen, baina airean zela bizkarreko dortsala askatu egin zitzaion, eta hark arean eginiko arrastoa neurtu zuten. Neurketetan 6,91 eman zioten lehenbizi, eta 6,96 gero. Spanovic oso haserre irten zen pistatik. Azarotik aurrera legedia aldatuko dute, eta jauzilariek, nahi badute, ez dute atzean dortsal edo izendun itsasgarririk eraman beharko.

Eguneko beste protagonista Dafne Schippers izan zen. 200 metroko finalari oso ondo ekin zion, eta horri esker bigarrenez jarraian irabazi zuen munduko titulua. Herbeheretakoak 22,05eko marka egin zuen, sasoi honetako onena berarentzat. 100 metroko finalean brontzea lortu zuen, eta atzokoa bigarren domina du. Bigarren Marie Josee Talou izan zen, oso gutxigatik (22,08). Boli Kostakoak zilarra lortu du 100 eta 200 metroko finaletan. Shaunae Miller-Uibo (Bahamas) izan zen hirugarren. 400 metroko finalean giharretako arazoengatik galdu zuen urrea, eta atzo pixka bat arindu zuen min hori. Nabarmentzekoa, halaber, Pawl Fajdek poloniarra hirugarren aldiz izan zela munduko txapeldun mailu jaurtiketan. Olinpiar Jokoetan kale egin arren, ez du bere maila galdu.

Bolten azken lasterketa

Usain Boltek gaur hartuko du erretiroa. Fenomeno jamaikarra Londresko Olinpiar estadioan lehiatuko da azkeneko aldiz. Boltek, baina, ez bakarka korrika egingo, taldeka baizik. Bere azken proba 4x100 metroko erreleboa izango da, eta, bide batez, 100 metroko finaleko arantza ateratzeko aukera izango du. Goizean jokatuko ditu kanporaketak eta, ondo bidean, finala gauean (22:50). Jamaika urrea lortzeko faboritoa da. Irabaziko balu, hamabigarren munduko titulua litzateke Boltentat, eta, bide batez, Jamaikak proba hori jarraian irabazten duen bosgarren aldia.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak