Miren Amuriza.
BIRA

Suizidioaz

2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Martxoaren 28a ostirala izan zen 1941ean. Virginia Woolfek eskutitz bat idatzi zion bere senarrari:«... zoratzear nago, berriz ere, eta oraingoan ezin izango naiz errekuperatu. Egin nezakeen onena egiten ari naizela uste dut». Abrigua jantzi, poltsikoak harriz bete eta Ouse errekan barnatu zen.

Urak haren senide eta lagunen sabel, birika, eztarrietan gora egingo zuen orduan. Suizidioaren kausen bila hondoratuko ziren batzuk: izango zen errudun sentituko zenik, heriotza hura pisuzko motibo bakarrak barik, txiki askoren baturak eragin zuela ohartzeke; izango zen idazlearen erabakia defendatuko zuenik ere, gura zuena egiteko libre zela esanez. Baina bada libertate erabatekorik, ala? Suizidioaren ondorioak irudikatuz itoko ziren beste hainbat: izango zen, Woolfekin haserretu zen kristau onen bat, berekoikeria egotziko ziona; aitaren, semearen eta izpiritu santuaren izenean... Eta izango zen, familiak jasan zezakeen estigmatizazioaren beldur, blokeatuko zenik ere: eskutitza erre eta konta dezagun irristatuta jausi zela errekara. Jendeak sinetsiko du, akaso, eta geuk ere bai. Amen.

Proposamen hori egin zuenak txarto hartuko zuen, ziurrenik, bere Virginia ezagutu ere egin ez zuen zutabegile batek gertatutakoaz idaztea handik 76 urtera. Baina nago, jende gehiago hiltzen dela suizidioaz berbarik ez egiteagatik, berba egiteagatik baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.