Miren Amuriza.
BIRA

Hezitzaileak

2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Andereño Mik hostoak udazkenean jausten direla irakatsi zigun, eta ez udaberrian, ordea, Ferminek (eskolako kontserjeak) eman zigun orbel bana eskura. Andereño Mik dortokei eta emozioei izenak jartzen irakatsi zigun, ordea, Modestak eta Pakak (jantokiko sukaldariek) prestatzen zizkiguten mantzanilak tripako min psikologiko haiek sartzen zitzaizkigunean. Andereño Mik aulkiak mahai gainera igotzeko esaten zigun arratsaldero, ordea, garbitzaileak ziren biharamunerako gela txukun-txukun lagatzen zutenak eta, egiari zor, ez naiz haien izenez akordatzen. Bada zerbaiten adierazgarri.

Jubilatuta daude denak ere, baina iritsiko zaie hainbatean gaurko grebaren berri; zelan beren kideak haserre dauden Jaurlaritzak eginiko murrizketengatik eta hezkuntza departamenduak irakasleak ez beste behargin guztiak mahai sektorialetik kanpo utzi izanagatik. Protestarako motibo ez eze, gogoetagai interesgarria azken hori, autoritateek (eta jendartearen parte handi batek) hezkuntza zelan ulertzen duten islatzen baitu: ikasgelara (behar berezirik ez duten ikasleen erritmora) mugatzen den jarduera lez. Ordea, umeekin hartu-emanean daudenez gero, zergatik ez gainontzeko beharginei ere hezitzaile estatusa aitortu eta, hala, eskola komunitatea indartu? Zergatik jarraitzen dute matematiketako fitxek ikasgai izaten eta Ferminen orbelek eta Modesta eta Pakaren mantzanilek ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.