Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Jantziak

2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Gainera amildu zaizkigun data gozo hauetan zerbait badut gogoko, arropa tradizionalekin janzteko aitzakiak izatea da: hau da, abarka, artilezko galtzerki, azpiko gona zuri, gaineko gona motadun, blusa parpailatsu, amantal zabal eta buruko zapiz atonduta ibiltzea.

Ez daukat, ordea, oso azalpen zentzuzkorik plazer hori oinarritzeko, jantziteria horrek ez baitit oso ondo ematen —alderantziz, gona nasaia jantzi eta ispilu aurrean jarri orduko ulertzen dut zer den etxekoandre zabala—, eta, gainera, astuna, mugimendu eragoztailea eta eginkizun askotarako trabagarria da —santomasetako parrandetan komunerako bueltak (hainbat tankeratakoak) emakume jantzi tradizionalez egin dituen edonork frogatu duen bezala—.

Baina, hala eta guztiz, gustatzen zait, eta, gainera, orain, plazera bikoiztu dut: alaba ere arropa tradizionalekin janztea. Halaxe hasi naiz nire gozamenaren muineko arrazoia ulertzen: sustrai batzuekiko lotura eta katebegi galdurik gabeko segida amaigabe batekiko kidetzaz janzten naute arropa horiek; mundu lauso eta egongaitz honetan aingura mutur bat botatzen. Azken batean, amonaren amonaren amonaren amona identitate fundatzaile, tribuaren eratzaile, lurrari atxiki, kosmosarekin harmoniatsu, ertzik gabeko eta zoriontsuarekin bat egingo banu bezala. Halakorik inoiz izan balitz legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.