Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Gereziak

2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Angel Errok gogorarazi digu badela herri bat Nafarroan Ziritza izenekoa (Ciriza, gazteleraz), eta lurrikara baten epizentro izan zela 2013an. Ziritza eta Syrizaren arteko hoskidetasunez ohartu dira, halaber, Euskadi Irratian, eta hango bizilagun bat ekarri dute mikrofonoetara. Euskaldun bakoitzaren baitan filologo bat bizi dela baieztatuz etimologiarekin ausartu da, eta esan du Ziritza toponimoak gerezietan duela jatorria: gerezi parajea dela berena, gereziak cereza direla gazteleraz, eta hortik sortu zela Ciriza, eta, horrenbestez, Ziritza.

Aitortu behar dut, kasu honetan eta neure buruaren kontra, gehiago kilikatu nauela Ziritza, Syriza eta gerezien arteko loturak Nafarroaren euskalduntasuna toponimiaren bidez berresteak baino. Zer ote dago, bada, ederragorik iraultza irudikatzeko gerezien aroa baino? Dena gorri, dena gozo, dena emari, dena leherketa, dena poz; batik bat, ohikotan ezer ez diren denentzat. Ongi asko zekiten Les temps des cerises kantatzen zuten Parisko Komunako kideek... Gerezien aroa laburra dela odolez irentsi behar izan zuten haiek.

Umeok zerbait ezinezkoa —edo gehiegizkoa— eskatzen genuela irizten zionean «zuek gereziak nahi dituzue neguan», ematen zigun errieta burlaizez auzoko gizon etsitu eta ozpin batek. Pentsatu nahi dut gereziak biltzen hasi garela, ilbeltzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.