garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Surrealismoa

2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Jolas-parkeko gune neuralgikoan gaude; hau da, sozializazio gordinean solte utzitako haurren gurasoak, nagusiki amak, berriketara biltzen diren bankuan. Bakarren bat larrutzen ari dira, haien seme-alaben irakaslea edo jangelako begiralea izan litekeena, orain barre-algaraka eta orain txutxu-mutxuka, elkarri esaldiak bukatzen ezin utzi, arrapataka, larrutuaren izenik aitatu gabe badaezpada, baina denak bat etorriz gero, epelak esatea libre delakoan: axolagabea, burutik egina, desorekatua, histerikoa, pedagogia eskasekoa, zigor zalea, inkoherentea, bere senetik zernahik ateratzen duena eta gainera euskañola, zer etsenplu eman behar ote duen beti entzungor eta zakarkerian ari denak, «nirea komunean itxita eduki zuen ordubetez»...

Giroak gori-gori egin duenean, umea etorri zaio sutsuen ari zenari, herren eta negarti praketatik tiraka, laguntza eske: «Buaaa, Halako ostikoka ari zait txirristara ez hurbiltzeko, eta gero jo egin nau eskeita nik hartu dudalako, eta berea dela, eta zapla berriro...».

Amak, berriketa eten diolako eta klaneko zentzudunenak esan berri duena entzutea galarazi diolako ernegatuta, barrenak agindu bezala erantzun dio koitaduari, ziztu batean junglara itzul dadin agindu aurretik:

Hombre, cariño, ba ibili geldik, joder!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.