garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Itsasoa

2015eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Klimaren gorabeherak aztertzen aritzen diren ikerlariei —ez nuke haien larruan bizi nahi, bidenabar esanda—, inkognita harrigarri bat ekarri zien milurteko berriak, logikaz. XX. mendean, beroa metatzen duten gasak etengabe produzitzearen ondorioz, termometroek globalki gora egin bazuten, eta hori hala dela jakinik ere, beste horrenbeste egiten jarraitu badugu —alegia, CO2 neurririk gabe isurtzen—, zergatik ez ote dute tenperaturek progresio bera erakutsi azken hamar-hamabost urteetan? Bero sapak bazterrak kiskali eta marka guztiak ondu behar dituela ikusten ari garen honetan sinestezina dirudien arren, arindu egin baita berotegi efektuaren ondorioa bolada batean...

Ekuazio orokorra susmopean jarriko lukeen datua ezin horrela dantzan utzi, eta azkenean, azalpen logikoa aurkitu uste izan diote inkognitari: itsasoak du giltzarria. Zehazki esanda, Ozeano Bareak, hango sakoneko uretan jaso baita eguratsean antzeman ez den tenperatura igoera. Hartu eta berriz hartu, aspaldian latzak hartzen ari da, beraz: berotegi efektua xurgatzen, Fukushimako erradiazioa barneratzen, milioika tona zabor pilatzen, kontinente berria osatzerainoko plastikoa azaleratzen... Itsasoa gaurko infernu modernoa dela esan liteke, honenbestez. Ea nork hartzen dituen epelenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.