Miren Amuriza.
BIRA

Zirimiria

2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Atzo goizean, Euskal Elkargoaren egituraketa ulertu guran nenbilela, Maddi Ane Txoperenak zutabe batean luzaturiko galdera interesgarriarekin akordatu nintzen: zioen ea distantziak sortzen ote dituen ipar eta hegoaldekoon arteko mugak, ala mugagatik iruditzen ote zaizkigun handiagoak batetik besterako distantziak.

Tarte horiek norbere kokapenaren, mugitzeko predisposizioaren eta begiradaren arabera hurbildu edo urruntzen direla esango nuke. Guretzako, adibidez, iparraldea «han» dago, «hemen» Bizkaiko ekialdean edo Gipuzkoan da; hara mugitzea aisialdiarekin (Xilaba, Herri Urrats, Maskaradak, asteburu-pasak...) lotzen dugu batik bat, eta hala gabiltzanetan ere, auzotar kuriosoaren begirada baino, turista despistatuaren keinua nabarmentzen ez ote zaigun sarritan.

Bien bitartean iristen zaigu hango berri, zirimiriaren moduan, sumatu bai, baina erabat bustiko ez bagintu lez: dozenaka errefuxiatu hartu dituztela Baigorrin, Bizi! mugimenduak banku bat okupatu duela Biarritzen, ETAren armagabetzea gizarte zibilaren esku geratu dela Luhuson edota hiru lurraldeak batuko dituen elkargoa formalizatu dela Baionan. Usterik gutxienean zirimiriak laku bat bete duela konturatuko gara (harritu ere bai, deskuidatuz gero). Nago geuri dagokigula orain Maddi Anek aipatu distantziak laburtzea; kokalekua hemen izan arren, adiago begiratzea hara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.