Miren Amuriza.
BIRA

Autozentsura

2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Annie Hall, Woody Allenek 1977an zuzenduriko komedia erromantikoa. Bada eszena bat Alvy Singer (Allen bera) eta Annie Hall (Diane Keaton) balkoi batean elkartzen direna. Protagonistak Anniek ateratako argazki batzuei buruz berbetan ari diren bitartean, beren pentsakizunak agertzen dira azpitituluetan. Argazkigintza kriterio estetikoak finkatzeke dituen artea dela esanez hasten da Alvy, ordea, bere baitarako, «gustura ikusiko nuke biluzik...» dio. Neskak kriterioarekin zehazki zer adierazi gura izan duen galdetzen dio orduan, pentsatuz bera ez dela aski inteligentea Alvyrentzako.

Tentazioari ezin eutsita, elkarrizketa eten nien lehengo batean eta zera galdetu nion Annieri: ea zein grabazio ikusten lotsatuko zatekeen gehiago, Alvyrekin larrutan egin zuenekoa ala berriketaldi hura eduki zutenekoa. Aldiz, Alvyri, zerk beldurtzen zuen galdetu nion: pentsatzen zuena ozen esanez gero kalabazak jasotzeak ala Anniek bera perbertitutzat hartzeak. Han utzi nituen balkoian ardo kopa bana eskuan hartuta. Artean bikotearen erantzunak buruan nerabiltzala, neuk zertzuk (eta noren aurrean) isiltzen ditudan zerrendatzen hasi nintzen; noiz den lotsagatik, noiz diskrezioagatik, noiz beldurrez edo besterik gabe nagikeriaz. Nago, halere, noizean behin inoren aurrean isiltzea ez dela hainbesteko arazoa, baldin nork bere barne ahotsari entzungor egiten ez badio, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.