Miren Amuriza.
BIRA

Mariorratzak

2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Erreka bazterrean oinez zoazela, non ikusten dituzun bospasei mariorratz urdin, beren gorputz luzanga eta hego mehe, ur azalean bueltaka-bueltaka. Txikiak eta ederrak, ikusgarrika dira. Hantxe geratu zara, begira, inguratzen zaituen paisaia pixkanaka-pixkana isilduz doan bitartean eta noiz edo noiz irakurritakoarekin akordatu zara: lurreko animaliarik zaharrenetakoak direla mariorratzak, dinosaurioak baino lehenagokoak. Munduak, garai hartan, gaurkoak baino askoz isilagoa behar zuela pentsatu duzu, zuhaitz adarren krakadatxoak ere entzungo zirela orduan. Apurtxo batean hantxe, belartzan, esertzea pentsatu duzu mariorratzei begira egoteko, gehiagoko barik, eta metro geltokian ikusirikoa gogoratu: zelan banku metalizatu haietako batean jarri zinen eta pareko andenean jende ilara luze bat begiztatu zenuen, denak (adineko gizonezko bat izan ezik) mugikorra eskuetan zeukatela. Trena etortzeko minutu bat, bi, gehienez hiru falta zirela jakinik ere, telefonoarekin denak. Ordea, geltoki hartatik erreka batzuetara, bospasei mariorratzek ur azalean bueltaka-bueltaka jarraitzen dute eta susmoa duzu zu lako egon-zaleentzat ikuskizun ederra dena, ibili-zaleentzat (mundu errealean zein birtualean) ez litzatekeena denbora-galtzea besterik. Eta ai, bat-batean sentsazio deseroso hori... Gaur egun nekez bustitzen baitzaigu ipurdia belartzan eserita egoteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.