Miren Amuriza.
BIRA

Munillak

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Monsinore Munillak karta pastoral bat bidali berri du Gipuzkoako elizetara: «ateo erradikalak» jihadistekin konparatu ditu, gaitu, eta fedegabeek «erlijioa mundu mailako biolentziaren erantzule egiten dutela» salatu du. Jakina da zeinen selektiboa den jende honen memoria; zeinen erraz ahazten zaizkien erlijio gatazkek eragindako heriotzak (historian hildako gehien eragin dutenak izanagatik ere), desplazatuak edota egiturazko indarkeria (emakumeenganako, LGTB komunitateaganako...).

Obispoaren ustez, «erlatibismoak erlijio guztiak zaku berean sartzen ditu eta jihadismoa baliatzen du fede kristauaren oinarriak susmopean jartzeko». Nago, Munilla jauna, lehenago ere bagenituela motiboak, milioika motibo, kristautasuna auzitan jartzeko: 5.000.000 gurutzadetan, 32.000 Espainiako inkisizioan, 60.000.000 Amerikako konkistan, 6.000.000 holokaustoan… Milioika motibo, Munilla jauna; milioika hildako kristautasuna auzitan jartzeko ez eze, biolentziarekin lotzeko. Ideologia kontrajarriak ditugu, bistan denez (berorrena ere ideologia bat baita sinesmena bainoago), eta ezetz erantzungo lidake ziurrenik, elizaren jardunak ez duela hierarkiarekin, boterearekin, indarkeriarekin zerikusirik. Orduan, zergatik publika dezake berorrek burutik pasatzen zaion guztia eta ezin dut nik berorri buruz pentsatzen dudan dena idatzi, adibidez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.