Miren Amuriza.
BIRA

Muqdisho

2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Larunbatean Somalian izan ziren erasoei buruzko collagea osatzen ari gara egunotan, horrelakoetan iritsi ohi zaigun informazioa pilatzen-pilatzen: zer eta non jazo zen (bonba-kamioi biren eztanda Muqdishoko erdigunean), ustezko erantzuleak nor diren (Al Shabab talde jihadista) eta zenbat biktima eragin dituzten (200dik gora hildako, 300dik gora zauritu). Egiari zor, albiste-txatalak atzamar puntetan itsatsita geratu zaizkit oraingoan ere; ez naiz collageari forma emateko gauza izan (informazioa falta dudalako bezainbeste, daukadana ulertzen ez dudalako) eta Afrikako herrialde gehienei buruzko irudia (gatazkatsua, kaotikoa, miserablea...) betikotzera besterik ez naiz iritsi. Joan zen astean BERRIAn irakurritako elkarrizketa batekin gogoratu naiz, ordea: Leila Nachawati aktibista konpostelarrak zioenez, Mendebaldean ez dira behar den moduan azaltzen Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko gatazkak, kausetan barik, ondorioetan zentratzen baitira albisteak.

Zuhaitz bateko etxolan bizi denari, igual-igualak begitantzen zaizkio lurreko harkaitz guztiak: direnak baino txikiagoak, ñabardurarik gabeak. Halatsu neuri ere: neure buruari mundu ikuskera berdinzale eta kritikoago bat daukadala sinetsarazi izan diodan arren (hizkuntza gutxitu batek emanikoa eta abar...), gaur-gaurkoz, azaletik eta goitik behera begiratzen diodala, diogula, Afrikari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.