garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Labea

2015eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bere gain inoren ardurarik ez duenetik, emakume jubilatu berriak inguru jakin batzuetan entzuten diren kontuengatik hartzen ditu kezkak. Ez ditu den-denak konprenitzen, alajaina, baina arrastoa ongi usaintzen dielakoan dago, bili-bolo dabiltzan gai gehienei funtsa harrapatzen dielakoan, hitz teknikoen lanbrotan edonor gal litekeen arren. Horregatik, alabak etxeko sukalde berritua ikustera gonbidatu duenean, eta granitozko gaina, batere itsustuko ez omen den lurra eta tiradera funtzionalak erakutsi ondoren, labe modernoaren aurrean paratuta, «Argiñanorena bezalakoa da, pirolitikoa, oseake bera bakarrik garbitzen dena» esan dionean, errauste plantak etorri zaizkio gogora, eta hondakinak hauts bihurtu arteino erretzeak dakarren ordaina, aipatzen den guztia egia baldin bada behintzat: kutsadura, berotegi efektua, minbizia… Jesus ene.

Oilasko kiskaliaren koipea edota suhiak hain maiteak dituen pizza kondarrak imajinatu ditu desintegratuta, partikula ikusezin bihurtuta, airean hegan, sukalde eder hartara heltzen den edozeinen biriketara sartzeko irrikatan. Ezin izan dio harridurari eutsi, aurpegiko giharrak tenkatu zaizkio, eta alabak inbidia keinutzat hartu du. Olentzerotarako berdin-berdina oparituko diola otu zaio. Garestia bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.