Miren Amuriza.
BIRA

Salbatzaileak

2017ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Eduardo Galeanok Los hijos de los días liburuan kontatzen duenez, 1492ko urriaren 12an, Kolon Antilletara iritsi zenean, deskubritu zuten natiboek indiarrak zirela; hots, Amerikan bizi zirela, biluzik zebiltzala, beste zeru bateko jainkoaren esana bete behar zutela eta jainko hark eguzkia, ilargia, lurra edo hura bustitzen zuen euria gurtzen zuen oro, bizirik erretzeko agindua zuela emana.

Ozeanoaz bestaldeko itsasgizonen ondorengook jabetuak ginen, zorionez, Hego Ameriketara gindoazenetan horrenbeste abizen euskaldun topatzea, lotsatzeko motiboa zela harrotzekoa bainoago. Ordea, oraindik ere, geure motxila eta smartphone-ekin han zehar lehorreratzen garen aldiro sentiaraziko dizkiegu, beharbada, zenbait gauza: dagoeneko ez direla indiarrak guretzat, baina besteak izaten jarraitzen dutela (Mendebaldeko klase ertain-altuko zuriak ez beste guztiak, alegia); beraiek asimilazio kulturalari aurre egitera animatzen ditugula, ama hizkuntzan mintzatu eta, hala nahi badute, baita ortozik ibiltzera ere, geu markako oinetakoekin eta lautik batean erdaretara jotzen ikusten gaituztenean; jainkoari hitza kendu bai, baina beraiei itzuli ordez, geureganatu egiten dugula, geuk (adibidez, feministok) agintzen diegula sarritan zer eta zelan borrokatu. Nork bere buruari inor salbatzeko eta inor menperatzeko lizentzia ematearen artean, alde txikia egoten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.