Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Hangoak

2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Londresen ibili gara aspaldiko partez aspalditik han bizi den laguna gidari hartuta. Eta irakatsi digu, esate baterako, Candem Town egun turistentzako merkatu tematikoa dela, eta Shoderitchen mugitzen dela egiazko abangoardia. «Ekialdea da mendebalde berria», laburbildu du.

Eta hala eramaten gaitu Canary Wharf-era, 80.ekoan hondoa jotako portu auzoaren hondakinetatik Thatcherren bulkadaz eraikitako finantza eremu aratzera: etxe-orratz garaienak, Barclays, Citigroup, Credit Suisse, HSBC, Morgan edota Moody's-en egoitzatzarrak. Eta luxua darien denda, jatetxe eta ostatuak. Eta traje klasikoaren aldaera modernoz zein Vogue-ko soinekoekin jantzitako gizon eta andre gazte saldoa pintxopoteo giroan. Lagunak diosku enpresatzarretako enplegatuak direla, eta inoiz ez dutela atsedenik hartzen. Une horretantxe ere negozioren bat lotzen ariko direla.

Jende eder, ekintzaile eta arrakastatsuz beteriko terraza cool-aren aurretik pasatzean altxatu ditugu begiak eta Thomson Reuters informazio agentziatzarraren egoitzarekin egin dugu topo, eta ikusi dugu fatxada zeharkatzen duen kartel distiratsua bris-briska azken albisteak ematen: Gaza bonbardatzen segitzen du Israelek.

Metroan sartzean elkarri esan diogu inoiz ez garela izango hangoak. Pixka bat pentsatu, eta erantsi dugu apenas inor dela hangoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.