garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Estratosfera

2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Duela 20 bat urte, ozono zuloak eman zizkigun orain berotegi efektuak ematen dizkigun lanak. Irrati tertulietako mintzagai bihurtu zen, albistegietako lerro-buru, izu apokaliptikoa hedatzeko eta eguzkitarako krema babesgarrien industria akuilatzeko arrazoi. Arrapataka esanda, errudunak behar eta ile-apaintzaileak jarri genituen jomugan, kalparrak modelatzeko lakak eta muturra sakatuz «tzssst» egin zezakeen edozer. Baita etxeko giroa «sanotzeko» poto usaintsuak eta, mundu hobea aldarrikatze aldera, hormetan idazteko baliatzen ziren sprayak ere. Tabakoa bezalako salgaiei legez ezarri behar izaten zaien oharren moda ere, garai hartakoa dela esango nuke, kasuotan, «Produktu honek ozono geruza kaltetu dezake» estiloko mezuak irakurtzeko, lupa behar izaten zen arren. Debekuak heldu ziren gero. Eta atzetik, isiltasuna, konponbidearen seinaletzat jo genuena.

«Aurten egundoko zulotzarra dugu hor goian», bota zidan atzo Joxerra Aizpuruak —zientzia orri bat du Argia-n—, «hamarkada osoan ez bezalakoa», sudur aurrean bi grafiko jartzen zizkidan bitartean. Zergatik, galdegingo niokeen gustura, edo zer egin ote duten ile-apaintzaileek oraingoan. Haren kezka usnatuta, ordea, betiko esaldi baboa besterik ez zitzaidan ahotik atera: «Lasai, konponduko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.