Miren Amuriza.
BIRA

Mahaitik

2016ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Ariketa interesgarria hauteskunde mahaian egotea; portutik itsasoari begiratzen dion marinelaren antzean, pausatu eta jendeari erreparatzea. Konturatzen zara denbora joan doala; txikitako maistra bilobekin ikustean, zure adineko mutilak burusoiltzen eta udalekuetako umeak (aurpegia Spidermanez edo tximeletaz margotzeko eskatzen zizutenak) bozkatzen. Gogoratzen zara diktadura militarraz, karnetean Juan daramaten Jon eta Carmen daramaten Karmele-ekin, eta erlijiosoaz, adin batetik gorako Maria bakoitzarekin: Maria Lourdes, Maria Inmaculada, Maria Mercedes... Harritzen zaitu zure auzoko zentsoan hainbeste García eta hain Ndiaye gutxi zenbatzeak. Ohartzen zara ia inor ez dela bakarrik etorri (polizia txakurrarenak egiten dabilen ahaldun españolista salbu); familia nuklearrak (umeak eskutik dakartzaten gurasoak, zein gurasoak eskutik dakartzaten seme-alabak) eta domeketako arropen bi aldaerekin (mezatarako alkandora-zapatekin edo footing egiteko kamiseta-zapatila fosforitoekin) datozen bikote konjuntatuak. Irribarrez agurtzen dituzu klasikoak: mahaiz erratu den aitita, NAN-a ahaztu duena, gaupasero bi, kanpoan eguraldi ederra dagoela dioen txistosoa, hiru mojatxo... Eta jabetzen zara zeinen garrantzitsua den lantzean behin itsasoari lehorretik begiratzea; berriz murgiltzean korronteak zaramatzan lekura barik, gura duzun lekura joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.