Miren Amuriza.
BIRA

Nadietarrak

2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kanariar uharteak. Etxeratu zen Guardia Zibil bat eta jakin-minez galdekatu zuen semeak. Zer egin duzue gaur, ama? Gaur beltz pila bat salbatu ditugu, patera batean iritsi dira. Nondik? Afrikatik. Afrikatik, nondik? Senegaldik. Afrikar guztiak dira senegaldarrak, ezta, ama? Guzti-guztiak ez, gehienak. Badakite espainolez? Ez. Eta ingelesez? Ezta. Eta zelan hitz egiten dute senegaldarrek? Ba senegaldarrez. Eta marokoarrek ere senegaldarrez hitz egiten al dute? Ez, marokoarrek marokoarrez. Ah... eta, orduan, zelan ulertzen dira zuekin, idatziz? Ez, ume, senegaldarrek ez dakite irakurtzen. Eta gaur etorri direnak zelakoak dira? Esan dizut, beltzak. Zer dira, familia bat? Bai, Nadietarrak. Baina zelan dakizu familia berekoak direna? Ba elkarren antz handia dutelako denek! Aizu, ama, hizkuntzarena... eskolan wolof edo horrelako zerbait aipatu ziguten. Wolof? Ez dakit, hango janariren bat izango da... Tira, ume, zaude isilik eta amaitu platerekoa, hoztu egingo zaizu eta!

Handik urteetara Cheikh Dieng txantrear-senegaldarra epaitu dute Iruñean, paperik ez duenez, kanporatu egin gura baitute. Jueza nahastuta dabil, ordea: fiskaltzaren txostenaren arabera «Seku Nadie» delako bat da akusatua! Antza, Kanarietara iritsi zenean, Guardia Zibilek txarto transkribatu zuten mutilaren izena eta Nadie (inor ez) abizena erantsi zioten gero. Auzo-lotsa ez, auzo-amorrua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.