Miren Amuriza.
BIRA

Ignorantzia

2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Unibertsitatean hasi nintzenean plastikozko karpeta garden horietako bat neukan eta aldizkaribaten errekortea, orrialde betekoa, sartu nion atzealdean: Angela Davisen lau argazki ziren, pop art estilokoak. Haren izenik ere ez nekien nik orduan, baina emakume beltz baten irudia, emakume beltz eder baten irudia, fakultateko korridoreetan bizirauteko ezkutu eraginkorra izan zitekeela intuitzen nuen, antza. Hiruzpalau urtera kendu nuen errekortea, Davis nor zen kontatu zidatenean hain justu; berak sinbolizatzen zuenarekiko errespetuz bezainbat, neure ignorantziagatik lotsatuta.

Sentsazio bertsua izan nuen atzo Athletic-eko hiru erreferente, Iraia Iturregi, Irune Murua eta Eli Ibarra, erretiratzear daudela irakurri nuenean; 13 liga, 1.129 partida eta 281 gol egin ei dituzte hiruren artean 2002an taldea sortu zenez geroztik. Idatz niezaiekeen zorionak eta eskerrak emanez, jokatzen ikusi ditudan aldi bakarrari buruzko anekdotaren bat kontatuz... Baina hori Angelaren argazkia karpetan jartzea lakoa izango zen, egiari zor, ezer gutxi baitakit emakume kirolariez; hedabideetan ikusgarritasun urria daukatelako bainoago, neuk arretarik jartzen ez diedalako gainera.

Gaur egun ez dago aitzakiarik; edonork jakin dezake zenbat langabetu dauden bere herrian, zenbat etxegabe, zenbat errefuxiatu desagertzen diren egunean... Ez dakienak, edozertan, gura ez duelako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.