garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Soldaduak

2015eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Eespainiak espainolitoak behar ditu, soldadutxo ongi heziak eta esanekoak, kamutsak baina noranahikoak. Halaxe betikotzen baitira inperioak, biharko eragileak gaurdanik domatuta, geroa militarki hartuta, eta ez egunean eguneko kalapitei —izan Rodrigo Rato edo Barcenas— akitu arte segida emanda.

Eta langintza horretan, ba ote da jende-baratze oparoagorik eskola baino. Soldadutxoen mailaketa errazteko, eta, bide batez, piramidean hartu beharko duten tokirantz bideratzeko, badute ukan oinarrizko teoria aplikagarri, hautespen sistema natural-naturala iruditzen zaiena. Jakina, LOMCE legea, artaburuak eta bizkorrak oilo eta azerien gisan bereizteko pentsatua. Darwinek berak ere ez luke hobeto formulatuko.

Tamalez, jendearen inkontzientea du legeak aliatu nagusi: haurrari begiratu eta bere niaren erreplika hobetua ikusten duen aita, errespetua lehian eta borrokan irabazten dela aldarrikatzen ohitua; pribilegioetan eta dohainetan sinesten eta horien falta gutxiesten duen ama; ekina saritzeko, ezina bazterketa bidez zigortzen duen irakaslea; mundua goitik beherako katalogatze sistema baten arabera etiketatzen duen izaki pentsalari oro. Gizarte honetan, hurkoari langa jarriz hartzen baitu nork bere espazioa.

Bada zer eraitsia, LOMCErekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.