BIRA
Amona biluzik
Amonak badu gauza magiko bat, edonoren begi bistan egonik ere, berak bakarrik ikusten duena. Amonari keinuak zimurtu zaizkio; ilea urdindu, bekainak mehetu; lehen begi beltz zirenak, gris urtsuak dira orain; belarri gingilak erori zaizkio, jaio orduko egin zulotxoak ebaki luze bihurtu; haginak jausi, ezpainak aho barrurantz biratu; masailetan orbain moreak agertu eta bizartxoak kokotsean. Amonak azala zintzilik du zaman eta besoetan; eskeletoa deformatu zaio eta bost zentimetro txikitu, konkortu da; besapeetako biloa galdu du; titiak maskaldu zaizkio, ipurmasailak argaldu, jausi; pubisean ez ditu hiru-lau iletxo zuri besterik. Amonaren zilborra... Hara! Amonak zilborra du eta! Amonaren zilborra apenas bereizten den haragi zimurrean. Amonari eskuak uzkurtu zaizkio; izterrak lehortu eta arrakalatu; belaun buruak nabarmendu; behatz oskolak luzatu eta sendotu, atzapartu. Amonak ez zuen erretratuetan agertzea maite Manabu Yamanaka argazkilaria ezagutu zuen arte. Getxophoton daude ikusgai artista japoniarraren irudiak: fondo zurien gainean, espazio deskontestualizatuetan, 90 urtetik gorako andrazko biluziak; bakoitzaren bizi ibilbidetik harago, testuinguru soziopolitiko baten testigantza gordetzen duten figura ederrak.
Amonak badu gauza magiko bat, edonoren begi bistan egonik ere, berak bakarrik ikusten duena: bere gorputza.
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.