Miren Amuriza.
BIRA

Otxandion

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Laurogei urte beteko dira bihar, Mola jeneralaren aginduz, abiazio italiarrak Durango eta Elorrio bonbardatu zituela. Datuen (Wikipediaren) arabera, 336 lagun hil ziren, baina Xabier Irujo historialariaren ustez, apenas diren fidagarriak iturri horiek: Gernikako erasoan, esaterako, 2.000 hildako izan ziren gutxienez, ordea, bertsio ofizialak 300 besterik ez ditu aitortzen. Jende askok daki 1937ko apirilaren 26. hura astelehena izan zela Gernikan, azoka eguna. Ez horrenbestek, hilabete batzuk lehenago, uztailaren 22.a asteazkenez tokatu zela Otxandion. Santamaña jaiak ospatzen ari ziren abiazio frankista inguratu zenean. Hegazkinek bandera errepublikarrak ei zeroatzaten eta herritarrak arriskuaz jabetu ez harik eta bonba hotsa sumatu zuten arte. Inguruan zebilen Mari Angeles izeneko 9 urteko neskatxo bat; nekez irudikatuko zuen orduan, ia 80 urte geroago, ama eta neba erasoaldi hartan galdu zituenekoa telebistaz kontatuko zuenik (Herri txiki saioan agertu zen).

Ehunka lagun urreratuko dira gaur Otxandiora Korrikaren lehen kilometroak egiteko, han izango dira, hainbatean, Maria Angelesen bilobak ere. Eta lurra, oin horiek guztiak bere gainazalean arineketan sentitzean, 1936ko uztailean ihesi joan zirenez akordatuko da; orduko danbarradaz. Eta ileak, belarrak, tentetuko zaizkio. Diot, haizeagatik harrotu direnik inork pentsa ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.