Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Makinak

2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Izango da, haurtzaroan nazionalkatolizismoarekin izandako zuzeneko harremanen ondorioz —urriak izan arren ikara handien sortzaileak—, baina hipotesi apokaliptikoek asko aztoratzen naute. Horregatik, izerdi larria igo zait gorputzean gora, hiruzpalau lekutan leitzean inteligentzia artifizialaren garapenaren ondorioz makinek gure espeziea desagerraraz dezaketela. Eta bai, badakit ez dela kontu berria, zientzia-fikzioan sarri errepikatutako gaia dela, baina, honako hau jakiteak jarri nau dardarka: Stephen Hawking zientzialari handia kezka horrekin dabilela, Deep Mind konputagailutzarra jokabideen behaketa eta aurreikuspenean jendeok baino askoz bizkorrago dela, eta Google ahalguztidunak erosi duela Deep Mind sortu duen enpresa txikia.

Aztoramendu horretan murgilduta harrapatu nau lagun batek, eta barre egin dit. Barre ez, ordea, kezka arintzeko gogoz, optimismotik, heldutasunetik, zentzutik. Aitzitik, esan dit bera ere beldurtuta dagoela, konbentzituta ez dugula luze iraungo. Baina oker nabilela, oso, munstroarekin: geure baitako makina izango dela akabatuko gaituena. Hain justu, norberaren ondasun eta askatasun txikien ilusioarekin koipeztatutako engranajeari segika inertziaz ibilarazten gaituen makina; galerara garamatzaten bidegabekeria txikitzaileei aurre egitea eragozten diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.