garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Erreserbak

2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ez zitzaidan sekula bururatuko erradiaktibo eta ekologiko hitzek elkarri lotzeko aitzakia eman ziezaguketenik, baina elastiko xamarrak izan ohi dira gaurko hiztegiak, eta horra karanbola: Bielorrusian, Polesiako eskualde zingiratsuan hain zuzen, ba omen da erreserba erradioekologiko bat, Txernobylgo katastrofe nuklearrak seko zipriztindu zuelako halaxe deitua. Nazioarteko biologoek hango faunaren gainean jardun dute lanean —uler bedi literalki ere, behaketa airez egin baitute—, abiapuntutzat hiru susmo hartuta. Batetik, animalia gutxiago aurkituko zutela eremu kutsatuetan. Bestetik, ugaztun handiak ere urriago izango zirela, erradioaktibitateak jo gabeko erreserbetan baino. Eta azkenik, ugaztunen dentsitateak, oro har, eskasagoa behar zuela. Hiru lan-hipotesi, ustez zentzudun, baina bat bera ere ez zuzena, nonbait.

Hegazti-populazioak pairatutako kaltea albo batera utzita, Eremu Hila deiturikoak inoiz baino oparoagoa du fauna: otsoak, inguruetako eremu babestuetan baino zazpi aldiz ugariago; altzeak, erruz; basurde, orkatz eta oreinak, barra-barra. Hartz arrea ere itzuli omen da. Eta emaitzak txundi gaitzakeen arren, ez du aparteko misteriorik: gure infernua ere besteen paradisu izan liteke, baldin eta gu, gizakiok, bertan ez bagaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.