garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Promesa

2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Egunotan ikusi dudan erreportajerik latzenak Tanzaniako mutiko albino baten irudia zekarren orrialde betean. Ezker besoa falta zuen, eta eskuin eskuan hiru hatz, ezustean harrapatu eta matxetez moztu zizkiotelako. Hortzak ere atera nahi izan zizkioten Emmanueli, baita mihia ere, aztikerian biziki estimatuak baitira albinoen gorputz-atalak, zorigaiztoko mamutzat dauzkatenez. Peluxe bat zeukan, altze bat, kakodun protesi baten laguntzaz, altzoan estututa. Mesedegarri omen zaio, gauetan berritzen zaion izua uxatzeko batez ere. Gizajoak panpina abandonatua zirudien argazkian, hain zuria, hain hautsia.

Hura bezalako beste mutiko bat, berriz, dirutzaren truke saldu omen zuten merkatu beltzean, haren aita negozioan tarteko zela. Emmanuel eta beste zenbait bezala, bortizki elbarritu zutelako heldu zen udan AEBetara, beso-ordea neurrira egin ziezaioten, erabiltzen ikas zezan.

Alabaina, historia lazgarriok baino are aztoragarriagoak egin zitzaizkidan umeon amets eta asmoak. Gehienek garrantzi handiko politikari izan nahi lukete handitzean, adibidez gobernukide, eta ahal dela lehen ministro, haietako batek zioen bezala, «albinoei erasotzen dietenak heriotza zigorrera kondenatzeko, denborarik galdu gabe. Egun berean urkamendian jarriko ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.