garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Zaldunita

2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Inauteria transgresioa da, izatearen eta izan litekeenaren arteko mugen urraketa, arruntasunetik ateratzeko jolasa, eta gaur lanean kili-kolo dabilen langileari, hipoteka gaztea deiturikoak zahartu arte kateatu zuen emakume zuhurrari, bikain etorri zaio albistea: Euriborra amildu egin da, zenbaki gorritan dago. Apartamenturako mailegua eskatu zueneko garaia etorri zaio gogora, 2000. urtea, eta zorpetzeko formula berri misteriotsuek —bere kasuan Euriborra gehi 0,5— ezinegona sorrarazten zutenekoa. «Hobe zenuke hipoteka finkoa», iradoki zion banketxeko bere aholkulariak, zeinak, urteen poderioz, gaia berak baino gutxiago kontrolatzen zuela frogatu baitzion: «ziurragoa da, lasaiago egingo duzu lo, indizeak gora egingo balu, eta egin dezake, ezingo zeniokeelako aurre egin».

Euriborra zenbaki negatibotan dago, eta Zaldunita da. Emakume zuhur hipotekatuak kalera joko du, dibertitzera, egunerokoari punta ateratzera, eta banketxeko aholkularia aurkitzen badu, adarra joko dio, «aholkuak» emango dizkio, bankua bere zordun bihurtzen denerako. Izan bailiteke hori ere, izango ez den arren —bankuez ari gara, alajaina, erreskatatu behar izaten diren dohakabe horiez—. Baina izan dadila gaurkoz, izan dadila bihar eta etzi ere, transgresioa libre denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.