Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Kraska

2014ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Arrastaka dabil Maite azken boladan; horregatik, aspaldi-aspaldiko partez eserita gosaltzea erabaki du. Polena eta ginsenga irentsi berri, kafeari azken hurrupak ematen ari dela, entzun du albistea irratian: Basauriko gizon batek 7 eta 9 urteko alabak kolpeka hil ditu, agidanez, banatzea erabaki zuen emaztearen kontra mendeku hartzeko. Albistea aditzearekin bat kolpetik joan zaizkio zeuzkan indar apurrak, kolpetik itxi zaio urdaila. Ezagutzen ez zituen 7 eta 9 urteko bi neskato horien izu begiradek estutu diote zintzurra.

Sukaldeko erlojuan zortziak hogei gutxi direla ikustean altxatu da, inertziaz. Hortzak garbitu, mototsa egin, berokia jantzi eta lanera abiatu da. Pasilloa zeharkatzean alabaren gela hutsera joan zaio begirada, desegin gabeko ohera.

Normalean ziztuan zeharkatzen du parkea. Gaur oinek, zangoak, besoek, bizkarrak, buruak, ez diote laguntzen, ordea. Motel doa, ezinbestean. Ohartu da orbelez bete dela guztia; kraska-kraska egiten duela munduak oinpean. Makurtu eta ihartutako hostoak bildu ditu bi eskuekin. Bularrean estutu ditu aurrena, eta konfetia balira bezala airera bota ditu ondoren. Ezagutzen ez zituen 7 eta 9 urteko bi neskatoak gogoan, bere alabari hainbestetan ikusi dion legez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.