garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Fusioa

2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
HHorra ilargia, bai ederra», bota dio kilimaka eta suspirioka andre txinpartak senarrari, gaua erromantizismoz girotu nahian. Berehala eman dio segida gizonak, baina ez hark espero zuen bidetik: «Ederra eta oparoa, alajaina! Milioika tona helio omen dago hango azaleran metatuta. Handik kilo batzuk ekarri ahal balira, akabo petrolioa eta eskistoa, fusio nuklearrez lortuko litzateke energia, tar-tar-tar...».

Andreari zopakoa baino lehorragoa egin zaio gizonaren ateraldia, eta bere onetik atera da kolpean, beste fusio mota bat iradokitzen ari zitzaiolako bistan denez, eta ez preseski nuklearra; baina gainera, aldiro-aldiro zapuzten dizkiolako pasio galdua berpizteko saioak. «Horretan ari dira txinatarrak, isil-isilik tar-tar-tar», darrai besteak, erretolikan.

Andreak, inoiz baino argiago, munstro bat ikusi du senarraren tokian, Discovery Channel-eko dokumental guztiak irensten dituen zomorro odol hotzekoa. Kafka etorri zaio akordura, Metamorfosia-n kakalardo bihurtzen den pertsonaia nazkagarri hura. Jesus ene, intsektizida potoa hartu eta muturrean hustuko lioke hankaz gora jarri arte... Gizonak. Babalastoak.

Bere senera etorri denean, telebistari esker ikasitako topikoaz erantzun dio gizonari, zientzialari tonuan: «Gaur sofan egingo duk lo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.