garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Musikariak

2015eko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ahal handiak aitortu izan zaizkio musikari, buru-bihotzeko minak sendatzea edo piztiak baretzea bezalakoak, eta horri estuki lotuta, baita definizio eder askoak eskaini ere, Oscar Wilde idazlearenak konparaziorako, malkoetatik eta oroitzapenetatik gertuen dagoen artea dela esan baitzuen behinola. Esango nuke, poesiarekin bat eginda lortu izan duela musikak are sublimeagoa izatea, are arteagoa, are hunkigarriagoa, are lagungarriagoa, doinuari hitz aproposak sinbiosian elkartzea lortu izan denean, hain zuzen. Abestia da perfektuago.

Gutako gehienontzat, kantak dira bizitzako gertaera esanguratsuenak gogora ekartzeko eta berriz gertatzen ariko balira bezala sentitzeko modu zuzenena; norberaren soinu banda osatzen duen zerrendatik tiraka hasi, eta doinuek eraman gaitzaten uztea, notarik nota.

Gaur, azaroak 22, Santa Zezilia, purrustadan has nintekeen, musikariei —eta oro har sortzaileei— legez ebatzi beharko litzaizkiekeen erraztasunak eskatzen, merezi luketen tokia aldarrikatzen, egindako mesedea goraipatzen, haien eguna dela eta. Bada, ordea, horren aurretik egin beharko nukeena, eta publikoki sekula egin ez dudana: bihotzez eskerrak eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.