Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Politikaz

2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gerezirik ez, baina ohiko kafe hutsetik gorako zerbait eskatu dute denek lantokiko atseden garaian, alboko tabernan: batek patata tortilla pintxoa, besteak kroasana, txigortutako ogi xerra hurrenak, azukre gabeko gailetatxoa uzkurrenak... Hitzez zehaztu ezin duten zerbait ospatzen ari balira bezala.

Laneko kontuez aritzen dira normalean: ugazabei barre eginez arintzen dituzte eguneroko esturak. Eta telebistan ikusitako gauzez, futbolaz... Tarteka, etxeko kontuak ekartzen dituzte: bikotekidearekin izandako eztabaidaren bat, umeekin sortutako arazoak...

Nahi ez balu bezala aipatu du batek Alexis Tsipras. Gustatzen zaiola esan du, gorbatarik ez janzteak konfiantza ematen diola, hurbildu egiten duela eurak bezalako jendearengana. Pablo Iglesias ere halakoa dela aipatu du beste batek, jatorra ematen duela. Hirugarrenak aldarrikatu du bere gustukoa Arnaldo Otegi dela, zerbaitegatik dutela giltzapean. Laugarrenak proposatu du ez litzatekeela txarra gorbatarik gabekoen koalizio bat. Bosgarrenak, aldiz, ez ahazteko egiazko gorbatagabeak emakumeak direla: aditu duela Donostian aurkeztu berri dela hautagaitza feminista bat.

Nahi baino lehenago amaitu zaie atsedena. Kikarak mostradorera itzultzean, kafe kondarrak isuri dizkio batek barra ertzean oparo gosaltzen duten gorbatadunetako bati jaka garestira, nahi gabe bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.